XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Armairuko apalean iratzargailua betibateko joan.

Surtako txinpartak etengabeko zirt-zartean.

Gainerakoan, inolako hotsaren aztarrenik ere ez.

Beheko suaren argi hori nagia okerka galtzen zen sukaldeko zolu ertzetan, eta andre exeri bien itzalak soilik mugitzen ziren, haruntzago eta handiago, nondipaiteko haizeek astinduak iduri.

Eiako atean brastakoa noiz entzungo zai zeuden andre biak.

Leihora inoiz begiratzen zuten, alperrik zutela jakinagatik; maizenik, ordea, iratzargailua zuten begiz jotzen.

Orduak ez zuen sentidurik, luzapenak baizik.

Bide goxoa izango dizkine gaur...! Ama, zoaz zu, behintzat, ohera, biok alperrik gaude-eta.

Itxoingo diot nik.

- Gauero lelo berean aritu behar al dinagu? Ohizko ariak gure Mariak... Semea etxeratu arte ez dinat egundo lorik hartu, badakin hik hori aski ondo, eta berandutxo ere badun ohiturak aldatzen hasteko. Ez zegoen amona amur emateko!.

Afalondorengo lehen ordutan artoa kuskiltzea ohi zuen amonak gogoko; geroago, errosarioa errezatu marmar; baina ordu txikiak aurrera egin ahala, errosarioak amona ere aspertzen, eta hitzegin beharra izaten zuen.

Sua zirikatu eta hitzegin.

Enkarna, aldiz, denbora luzatu ahala, hitzerako uzkurrago, zaputzago.

Maiz ernegarazi ere ohi zuen amaginarrebaren urduritasunak.